ir arriba

2008-12-31

URTE BERRI ON!!!


Badakit oporretan murgilduta zaudetela, nahikoa jan eta edanda. Utzi, baina txoko txiki bat birpasari. Hemen duzue klasean banatutako orriak, etorri ez zinetenontzat.
Ondo amaitu oporraldia.
Ariketak.

2008-12-25

Kontxa eta bere familia

Hemen duzue Kontxak kontzatzen diguna berriro ere.


Get this widget | Track details | eSnips Social DNA

2008-12-01

Mikel Laboa beti izango da gurekin


Gaur jakin dugu Mikel Laboaren gorputzak agur esan digula. Bere musika eta bere espiritua, ordea, gurekin eta gure ondorengoekin izango dira betiko. Txori bihurtuta hegan dabil honezkero hain maite zituen Euskal Herriko lurrak begiztatzen. Entzun dezagun Xabier Letek idatzi zuen Izarren hautsa Mikel Laboaren ahotsean.
Get this widget | Track details | eSnips Social DNA

Pixka bat gehiago ezagutu nahi baduzu, hemen uzten dizut elkarrizketa bat.

IZARREN HAUTSA


Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai,
hauts hartatik(an) uste gabean noizbait gin(ad)en gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera sortuz (e)ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera gogorki loturik gaude.

Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia,
borroka hor(re)tan bizi da eta hori du bere egia.
Ekin (e)ta ekin bilatzen ditu, saiatze hor(re)tan ezin gelditu,
jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizbait erditu, hor(re)tan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz,
bertatik(an) irautea: ezaren gudaz baietza sortuz,
ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea.

Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahirik beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagara eta gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturik(an),
sasi zikinak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,
borroka hor(re)tan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz (e)ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak : gertakizunen indar (e)ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.

Eta ametsa bilakaturik egiaren antzirudi
herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri;
guztien lana guztien esku jasoko dute sendo (e)ta prestu,
beren bizitzen edergai; diru zakarrak bihotzik ez du,
lotuko dute gogor (e)ta estu haz ez dadin gizonen gain
.

2008-11-24

Aste honetan Koldo Amestoy ipuin kontalariaren bisita izango dugu eskolan. Asteartean, hilak 25, arratsaldeko zazpietan euskarazko emanaldia izango dugu, eta hurrengo egunean, 26an alegia, frantsesez.
Ezaguna zaizu Koldo Amestoy? Hala ez bada, egizu klik haren izenaren gainean eta zoaz beraren blogera, han jasoko duzu ikusteko parada izango dugun ikuskizunaren (Biderdi) eta beste hainbaten berri .
Ez ahaztu, bada, asteartean hitz ordua duzula Koldo Amestoyrekin eskolako sotoan dagoen aretoan. Denok zaudete gonbidatuta. Ez galdu aukera. Ziur nago han elkar ikusiko dugula.

2008-11-14

Berlin ez dago hain urrun- Anjel Lertxundi

Hau dugu Fouquetek margotutako diptikoa, Lertxundiren narrazioaren protagonista. Ezkerrekoa Berlingo Gemäldegalerie museoan eta eskuinekoa Amberesko Arte Ederretako museoan ikus ditzakegu zuzenean.
Oraindik ez baduzu narrazioa irakurri, ekin iezaiozu, eta 72 orrialdea amaitzen duzunean, eten eta pentsa ezazu zein bukaera emango zeniokeen zeuk. Zein izan liteke margoaren historia? Ausartu zaitez proposamenak egiten. Jar ezazu idatziz erantzunetan. Ea zeinek idazten duen originalena!!
Gero irakur ezazu Lertxundik kontatzen diguna. Eta azkenik benetako historia ezagutzeko erdarazko (gaztelaniazko bat) web-orriren batera jo beharko duzu, izan ere euskaraz Anjel Lertxundiren bertsioaz gain ez dut ezer aurkitu.
Esaguzu zein duzun margolanik gustukoena, ekar iezaguzu ikasgelara beraren argazki bat edo interneteko helbideren bat aurkitu dezagun eta zeurekin batera goza dezagun geuk ere.

2008-11-07

Anbar grisa


Badakizu zer den anbar grisa? Zein den bere jatorria? Zertarako erabiltzen den? Zentzumenekin lotura zuzena duela, besterik ez dizut esango. Argazkiari erreparatzen badiozu, berehala konturatuko zara zein zentzumenekin. Jakin-mina piztu dizut? Ikertu, bada, ikertu...

ANIA MINER

Ania Miner dugu neska gazte hau, gogoratzen? Eskolan entzun dugu Argiakoek egin zioten elkarrizketaren pasarte bat. Dena ulertu ez bazenuen, zaude lasai, orain nahi beste alditan entzuteko parada izango baituzu.

GUBBIO, Juan Garzia Garmendia


Juan Garziak 1993an argitaratu zuen Gubbio narrazioa Itzalen itzal liburuan. Aspalditxo, beraz, ezta? Ez estutu, ez zarete deskubritzaile berantiar bakarrak. Hemen duzue esaterako Gorka Bereziartuak Argiako azken alean argitaratu duen kritika. Irakur ezazue, baina ez edonola; estrategia ezberdinak probatuz.
Kritika horretan, Gorka Bereziartuak Volgako Batelariak ( literatur bloga) blogean Juan Garziari eginiko elkarrizketa aipatzen du. Izan ere, berak aitortzen digunez hantxe piztu zitzaion Itzalen itzal irakurtzeko gogoa. Aukera duzue zeuek ere elkarrizketa irakurtzeko eta Juan Garzia pixka bat hobeto ezagutzeko.Añadir imagen

Ardoa dastatzen


Gustuko duzue ardoa? Jakina, arabarrak izanik, gogoko izateaz gainera adituak izango zarete gaian guztiok; ez dut zalantzarik. Baina, baliteke, bat edo beste trebatu beharrean egotea oraindik. Gaurkoan "ardo dastatze birtuala" egitea proposatzen dizuet, gero benetakoa, lagunartean egin dezazuen, denak ahoa bete hortz uzteko.
Ez dizuet ezer berririk irakasten, esaten badizuet, bost zentzumenetatik lauk parte hartzen dutela
halako "cata" edo dastatzeetan. Zoli, beraz, hasteko, gure ikusmena, hurrengo, usaimena, eta azkenik, dastamena eta ukimena. Ikasgaia jasotzeko klikatu koparen gainean:

2008-11-06

Ongi etorri guztiok nire blogera!!


Agur bero bat guztioi!!
Neure blogean parte hartzen gonbidatu nahi zaituztet. Neuk ere, neure aldetik interesgarriak iruditzen zaizkidan proposamenak egingo dizkizuet.
Gure arteko komunikazioa errazteko asmotan egina dago blog hau.

Ondo has gaitezen paisaia eder baten argazkia oparitu nahi izan dizuet, Burgosko iparraldean, Ebroren arroiletan egina da, udazkeneko egun koloretsu batean. Gozamena begietarako!! Beste zentzumenei ere gustua ematekotan, zoazte hara bertara eta ikusiko duzue egia dela, ez zarete damutuko.